Lan gehiegi egiten zuela. Ea zer uste zuen Carduccik, stronzo hutsa zela edo zer. Porca puttana... Zigarroak etxean ahaztu zituela, Filippori beharko eskatu. Eta cazzo, hotz egiten zuela, ea noiz konponduko zuten berogailua. Beltzaran hark... mamma... ipurdi itzela zuela. Aurrelari beharrean zeudela, madonna, horrela segituz gero... zulora Fiorentina. Eta Australia? Non ote zen, Ameriketatik ala Asiatik gertuago? Itsasoa zabala zela eta berak ez zuela itsasoan ito nahi. Naufragoena bitxia zela, egarriz hiltzea ere, urez inguratuta. Porco dio, aspertua zegoela. Eta pixagurez, hura emakumea! (...che hai sulla pelle, che hai sulle labbra,) eta komunean sega bat egiten bazuen? (quando esci dall'acqua... e ti vieni a sdraiare...) bazuela norekin pentsatu (sapore di sale... sapore di te...)
Gizonek emakumeak ikusten dituzte.
Emakumeek beren buruak ikusten dituzte ikusiak izaten.
Horrek eragina du ez soilik gizon-emakumeen arteko harremanetan, baita emakumeen artekoan ere. John Berger, Ways to look
Maiatzaren 17an, edo uztailaren 2an. Kontua da jendea mahuka motzetan paseatzen zela, begiak ixten zituztela abenidan gora eguzkiaren kontra igotzean turistek. Kontua da lanegun hark jaieguna zirudiela eta irratietan kantu laranjak jarri zituztela eta Francesca Volentik ohi baino ogi barra bat gehiago erosi zuela, badaezpada. Kontua da ispiluan saiatutako irribarreak zuriago-edo zirela, eta Arnoren azalean kua-kua igeri zebiltzala, uhin txikiak fabrikatuz ahateak. Kontua da Piero Grimaldik sudur azpiko bibotea lababoko zurrunbiloak irensten ikusi zuela eta 53. autobusean ohi baino hiru bidaiari gutxiago igo zirela. Kontua da hodeiek ez zutela itzaltzen ezer goiz hartan eta ikatz arkatza berriak erosi zituztela Duomo plazako karikaturgileek. Kontua da Giacomori goizeko zigarreta ahaztu zitzaiola pakete barruan eta distira egin ziotela begiek leihoa zabaldu zuenean uztailaren 2an, edo maiatzaren 17an.
"Emakumearen gorputzean ederra dena ez dagokio berari, Jainkoari baizik. Itsusia dena berriz, bere-berea da, eta edozein zigor merezi du. (...) Ez da inoiz eroso sentituko ez bere haragitan ez orainean, erotikoki eta politikoki hain arriskutsuak diren bi puntu horietan. Iraganak atsekabetzen du emakumea, baina baketzen denean, beldur dio etorkizunari."
"Bellezza" idatzi zuen emeak koaderno birjinaren bigarren orrialdean. Hiztegira jotzeko tentazioa izan zuen, lana errazteko, abiapuntua markatu eta horren gainean hitzak botatzen hasteko, paladaka. Hitzari begira geratu zen, irakurri gabe, begira. Luma estali zuen segidan. "Ez zara gai", kea gutiziatu zuen. Paperetik atera eta gorputz biluzia ispiluan, bere begi berdeak bere begi berdeei begira. Zer cazzo da edertasuna? Hau?
Astuna buruan, ziurtasunak heliozko eta harrizko ziurgabetasunak erortzen, erortzen. "Deskantsua behar dut", erortzen utzi zuen gorputz biluzia ohe gainera. Lau betazalak elkartu, eta limoi erdiek tantotxoak isuri zituzten, epel.
Burura esaldi solte pila, irudi zentzugabeak, pentsamendu nahasiak abiada beldurgarrian, denak paperetik kanpo. Akordatu zen, gau batez, gizon bat hurreratu zitzaiola barrara, "tua bellezza e obiettiva". Begitandu zitzaion begi finko haiek hala zekusatela, objektu. Arraren jakin-mina eme jantzien ezkutuan. Eta pentsamendu hura urtu zen beste batean, eta arnasa baretu, isuria eten zitzaion, gogoetak desbideratu zitzaizkion huskerietara, oroitzapen xume bat, burutapen nano bat, eta hala, mantso-mantso, loak hartu zuen ohearen gainean, gorputz biluzi epel, emea.