Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Atala: pasarteak

Diva Gatzen

emea 13/11/2007 @ 13:33

divak-hegan.jpg

 

Obra originala, ados, kopien ama da.

Baina ama antzua da, hots, kopiagileak bortxatu egiten du,

eta Izpiritu Saindua bailitzan, ondorengo bat sortzen dio,

hori bai unibertsalki ugalkor. Kopia baita artelanaren bilakaera gorena.

Kopiaren potentzialidadeak infinito dira.

Nahi adina bider kopia daiteke kopia, eta originala usteltzera,

zaharberritze galkorrera kondenatua dago. Egia da, originalik gabe

ez legoke kopiarik, hori da sorburua. Ados. Sorburua da, baina ez besterik.

Benetako balioa duena kopia da. Kopiatua den lanak soilik merezi duelako,

kopiarena delako balioa, ez originalarena. Originala faltsuki baita originala,

milaka detaile eta erreferentziaren faltsifikazioa baino ez da obra originala.

Galkorra, ustelkorra, ahanzkorra. Kopia berriz, beti gazte, eskuragarri,

merke, bere baliogabetasunean altxor da. Originala potentzialki ez da ezer,

ez bada heriotza. Kopia, berriz, dena da potentzialki,

munduko kopia guztiak biltzen ditu bere baitan.

 

 

Gure amak

emea 20/07/2007 @ 13:25

Eman besterik ez daki egiten. Ez du hartzen ikasi. Eman egin dio bere bizia, bere denbora, aitari, ahizpari, etxeari, niri. Etxea garbitu, txukun mantendu, janaria erosi, eraman, jaso, prestatu, soberakinak bota, garbitu, arropa erosi, garbitu, eseki, plantxatu, jaso, josi, umeak erditu, elikatu, hezi, eskolara eraman, ekarri, negarrak isildu, portaerak zuzendu...

emakumea axpi

Gure amak beti entzun izan du emakume ederra dela. Etengabe aurrea hartzen dion denboraren aurka jardun behar izan du, edertasun hesietatik kanpo ez geratzeko: dieta hiperkonkretua jarraitu, sakrifizioa ongizatea dela pentsatu, beti garbi, ilea beti osasuntsu eta modan, azala beti leun, lixo, arropa apainak erosi eta barruan kabitu, aitaren bizitza sozialaren apaingarri izan, haren sexu-gogoa ase (uste dut).
barbienude.jpg
Ia eskubiderik gabeko betebehar sorta beldurgarria. Injustua dela jakin arren (ze nire ama emea da, ez inozoa) normaltzat jotzen du, ez baitu beste bizimodu bat pentsatzeko eta egiteko astirik, gogorik. Iluntzean, betebehar guztiak bete ondoren, telebista pizten du, "deskonektatzeko". Baina, pentsatzen jarrita, "konektatu" egiten du bere bizimoduan, bere betebeharretan ixteko "iradokitzen" dion sistemarekin: dirua irabazteko konkurtsoak ikusten ditu aitarekin, non emakumeak irribarre eta bular arteko erreten hutsa besterik ez diren. Bere arazoez pentsatu beharrean besteenak jartzen ditu begien aurrean (gaixoak... dio gosez hiltzen diren afrikarrez).
woman-telebista-ikusten2.jpg
Albistegietan, gizon zahar itsusi bat eta emakume gazte eder bat ikusleen buruak nahastera jolasten dira. Iragarkietan, iraultzarako deia emakumeontzat: zimurren aurkako gerra, zelulitisaren kontrakoa, sukaldeko eta komuneko bakterien aurkako matxinada, altxamendua kolesterolaren kontra, hanketako ileen aurka jo ta ke!, hortz horien eta ile zurien aurkako gerra... Iradokizun itxurako agindu mordoa jasotzen du egunero nire amak, mundu ikuskera etengabe mugatzen eta murrizten dion bizimodutik "deskonektatzen" duenean.

Eta nik, gure amarena naizen neurrian.

Egin kasu emeari. Esan nahi dut, M.A.ri.

Begiegiak

emea 10/07/2007 @ 11:57

Sandalia eta zapata arrotzak 28. gelan barneratu dira, gomaz igurzten marmolezko zorua, gelditu dira. Emakume biluzi bat. Barka, emakume biluzi baten errepresentazio piktorikoa. Eta inguruan multitudine, gizamasa. Hari begira beren begiak: ilunak, argiak, bigunak, begi-harriak, esporadikoak, zelatariak, ume begi aspertuak, lotsatiak, mireskorrak, garbiak, zorrotzak, estatikoak, urdinak, distiratsuak, laztankoiak, begi-burdinak, marroiak, lilurazkoak, urratuak, eskandaluzkoak, konparaziozkoak, trebatuak, lizunak, galduak.

begiak

Mota guztietako begiak, iristen, gelditzen, irensten, joaten. Baina begi pare bat beti finko. Begi fresko bi, begi argi handi bi, suzien moduko bi gar urdin, begi gazte bi zimur artean zabalik. Ez dute kliskadarik egiten ia, betazalik gabeko begiak dira. Edo begi itsuak, ero baten begiak. Geldi begiak, geldi zaharraren gorpuzkera ttipia. Haren arnas zaharra entzungarri da, arnasa geldo-geldoa, eztarriko hormei hots atereaz. Eta arnas bakoitza abandono bat, une bat gutxiago, haize zahar baten saudade ufada.

Has gaitezen

emea 30/06/2007 @ 15:17

1538ko martxoaren 9an, Guidobaldo della Roverek, Urbinoko dukearen semeak, eskutitz bat bidali zion bere aitak Venezian zuen enbaxadoreari. Eskutitzean Guidobaldok jakinarazten zuen mezulari bat bidaliko zuela Veneziara, Tiziano margolariari enkargatutako bi margolanen bila. Mezulariak, bi hilabete itxaron behar bazituen ere, ezin zuen esku hutsik itzuli. Baina Guidobaldok ez zuen margolanak ordaintzeko adina diru, eta enbaxadoreari eskatzen zion bere amarekin (Eleonora Gonzagarekin) harremanetan jar zedila, honek koadroen ordainketa aurrera zezan. Gerora Guidobaldok beste eskutitz batean azaldu zuenez, bere ondasunak saldu ezean ez zegoen irtenbiderik. Bi koadroen jabe izan nahi zuen kosta ahala kosta. Bata berari egindako erretratu bat zen, bestea "la donna nuda".

titian_venus_of_urbino1.jpg

Gose ase (ezina)

emea 25/06/2007 @ 02:16

Inoiz sentitu duenak badaki

zinez konplexu dela, aldakor.

Gogoarekin indar edo ahul

bilaka daitekeela, ezin sor ez deusez.

Biltzen duela edozer, ez dena

ta dena.

Plazer iturri bakarra

mingarria da berez.

Soilik harekin bete gaitezke,

ez ase.

Osatzearekin bat gaituenez

suntsitzen, jaiotzetiko eria

digunez eroaten.

Arrazoia du etsai, "zergatik?"

ez du ulertzen.

Azaltzen saiatzea, oraintxe bezala,

ariketa hutsala dugula, erabat.

venere-berde-txiki.jpg

Hain zara gozoki ustel,
zu, bai, zu:
maitasun.

Giacomo...

emea 11/06/2007 @ 01:30

veuns-superstar.jpg

Lan gehiegi egiten zuela. Ea zer uste zuen Carduccik, stronzo hutsa zela edo zer. Porca puttana... Zigarroak etxean ahaztu zituela, Filippori beharko eskatu. Eta cazzo, hotz egiten zuela, ea noiz konponduko zuten berogailua. Beltzaran hark... mamma... ipurdi itzela zuela. Aurrelari beharrean zeudela, madonna, horrela segituz gero... zulora Fiorentina. Eta Australia? Non ote zen, Ameriketatik ala Asiatik gertuago? Itsasoa zabala zela eta berak ez zuela itsasoan ito nahi. Naufragoena bitxia zela, egarriz hiltzea ere, urez inguratuta. Porco dio, aspertua zegoela. Eta pixagurez, hura emakumea! (...che hai sulla pelle, che hai sulle labbra,) eta komunean sega bat egiten bazuen? (quando esci dall'acqua... e ti vieni a sdraiare...) bazuela norekin pentsatu (sapore di sale... sapore di te...)

Baina agurea, non demontre sartu ote zen agurea?

Kontua da

emea 11/05/2007 @ 10:18

venus-boticcelli.jpgvenus-boticcelli.jpg

Maiatzaren 17an, edo uztailaren 2an. Kontua da jendea mahuka motzetan paseatzen zela, begiak ixten zituztela abenidan gora eguzkiaren kontra igotzean turistek. Kontua da lanegun hark jaieguna zirudiela eta irratietan kantu laranjak jarri zituztela eta Francesca Volentik ohi baino ogi barra bat gehiago erosi zuela, badaezpada. Kontua da ispiluan saiatutako irribarreak zuriago-edo zirela, eta Arnoren azalean kua-kua igeri zebiltzala, uhin txikiak fabrikatuz ahateak. Kontua da Piero Grimaldik sudur azpiko bibotea lababoko zurrunbiloak irensten ikusi zuela eta 53. autobusean ohi baino hiru bidaiari gutxiago igo zirela. Kontua da hodeiek ez zutela itzaltzen ezer goiz hartan eta ikatz arkatza berriak erosi zituztela Duomo plazako karikaturgileek. Kontua da Giacomori goizeko zigarreta ahaztu zitzaiola pakete barruan eta distira egin ziotela begiek leihoa zabaldu zuenean uztailaren 2an, edo maiatzaren 17an.

Emea

emea 26/04/2007 @ 14:23

"Bellezza" idatzi zuen emeak koaderno birjinaren bigarren orrialdean. Hiztegira jotzeko tentazioa izan zuen, lana errazteko, abiapuntua markatu eta horren gainean hitzak botatzen hasteko, paladaka. Hitzari begira geratu zen, irakurri gabe, begira. Luma estali zuen segidan. "Ez zara gai", kea gutiziatu zuen. Paperetik atera eta gorputz biluzia ispiluan, bere begi berdeak bere begi berdeei begira. Zer cazzo da edertasuna? Hau?

venere-di-milo-ii-secolo-a.jpg

Astuna buruan, ziurtasunak heliozko eta harrizko ziurgabetasunak erortzen, erortzen. "Deskantsua behar dut", erortzen utzi zuen gorputz biluzia ohe gainera. Lau betazalak elkartu, eta limoi erdiek tantotxoak isuri zituzten, epel.

Burura esaldi solte pila, irudi zentzugabeak, pentsamendu nahasiak abiada beldurgarrian, denak paperetik kanpo. crying.jpgAkordatu zen, gau batez, gizon bat hurreratu zitzaiola barrara, "tua bellezza e obiettiva". Begitandu zitzaion begi finko haiek hala zekusatela, objektu. Arraren jakin-mina eme jantzien ezkutuan. Eta pentsamendu hura urtu zen beste batean, eta arnasa baretu, isuria eten zitzaion, gogoetak desbideratu zitzaizkion huskerietara, oroitzapen xume bat, burutapen nano bat, eta hala, mantso-mantso, loak hartu zuen ohearen gainean, gorputz biluzi epel, emea.